Contratar

Txilen 215 bat lagun hil dira 8,8 graduko lurrikaran

28-02-2010 escrito por admin

Bost eskualdetan nabaritu dute lurrikara, kalte gehien hegoaldean eragin baditu ere; Ondorioz tsunamia izan da Hawain

Lurrikara «erraldoia» izan da, adituen ustez, Haitiko seismoa baino 50 aldiz indartsuagoa

Ixiar Zubiaurre.

Minutu luzez mugitu zen atzo Txile, jendea artean lo zegoenean. 03:30ak zirenean izan zen lurrikara, Richter eskalan 8,8 gradukoa. Epizentrotik gertuen dauden eskualdeetan, hego-ekialdean sufritu dituzte kalte handienak. Dena dela, Txileko erdialdean ere antzeman da, Santiago hiriburuan kasu. Lurrikara gertatu eta ordu gutxira biktimen lehen datu ofizialak ematen hasiak ziren atzo, agintarien arteko komunikazio eskasak biktimen kopuruaren gaineko kontraesan bat edo beste eragin bazuen ere. Gobernuak zabaldutako azken kopuruak, haatik, hildakoak gutxienez 215 zirela zioen atzo. Edmundo Perez Yoma Barne ministroak berak esana zuen arratsalderako kopurua handituz joango zela, erreskate lanak nahiko aurreratuta zeudela ikusita, igoera handirik ez zuela espero argitu bazuen ere segidan.

Ameriketako Estatu Batuetako Zerbitzu Geologikoak Concepcion hiritik 91 kilometrora kokatu du lurrikararen epizentroa, Bio Bio eskualdean -Concepcion Txileko hiri garrantzitsuena da, Santiagoren atzetik-. Inguru haiek erabat inkomunikatuta zeuden lerro hauek idazterako orduan. Michelle Bachelet jarduneko presidenteak, hala ere, izan zuen gunerik kaltetuenak bisitatzeko aukerarik.

Bacheletek aginduta sartu dituzte bost eskualde «hondamendi eremuan». Santiago hiriburu duen eskualdea, Bio Bio, O´Higgins, Valparaiso eta La Araucania dira lurrikararen ondorioak nabaritu dituzten bostak. Gobernuak zehaztu du, hala ere, eremu horretan sartu izanak ez duela esan nahi Konstituzioan aurreikusitako egoeran daudenik. «Ez gara hondamendi egoeraz hitz egiten ari, egoera konstituzional moduan. Lurrikarak ukitu dituen eskualdeez ari gara, eta ez da krisiari erantzuteko Gobernuak erabakitako neurri bat besterik», argitu du Bacheletek. Larrialdietarako Bulego Nazionalak jakinarazi duenez, dena dela, «kalte material handiak eragin ditu seismoak». Kaltea benetan zenbatekoa izan den kalkulatzeko, hala ere, goizegi zela onartu du bulegoko arduradunek.

Dozena bat herrialdek, ondorioz, krisia gainditzeko laguntza eskaini diote Txileko Gobernuari. Gauza bera egin du Ban Ki-moon NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak ere.

Pazko uhartea ebakuatuta

Roger Musson Erresuma Batuko sismologoak lurrikara «erraldoia» izan dela adierazi du. «Urte hasieran Haiti suntsitu zuen lurrikara baino 50 aldiz handiagoa izan da. Richter eskalan 8 gradu baino gehiago dituztenei lurrikara handi deitzen diegu», azaldu du Mussonek. Eta indartsuagoa izanda ere, Txilen Haitin baino eraikin hobeak daudela zehaztu du adituak, Karibeko uhartean izandako hondamendiaren aldean Txilekoa zergatik izan den txikiagoa argitzeko.

Alabaina, Txilekoa ez zen izan Hego Amerikako lurrikara bakarra atzo. Argentina iparraldean, Richter eskalan 6,1 graduko indarrez mugitu zen lurra. Lehen datuen arabera, ez zuen ondorio larririk eragin; horma batek zapalduta 8 urteko haur bat hil zela jakinarazi bazuten ere.

Txileko lurrikarak Hawaiain tsunamia eragin zuen han goizeko seiak zirenean, eta Ozeano Barera ematen duten herrialdeetan alerta egoera ezarri zuten atzo. Txilek, badaezpadako neurri gisa, Pazko uhartea ebakuatu zuen, Juan Fernandez artxipelagoan zazpi metroko olatu batek uholdeak eragin zituela ikusita. Kostako hainbat herri urak estalita gelditu ziren olatuagatik; teknikoki tsunamirik ez zela izan diote, hala ere, adituek. Txileko kostatik urrunago, berriz, Australian eta Japonian alerta maila igo zuten.

Comenta el articulo:

No estás registrado. Deberás darte de alta